Erresidentzia Artistikoak (2020)

ARTISTAS EN RESIDENCIA

BILBOKO UDALAK ANTOLATUTAKO ‘ARTISTAK EGOITZAN’ PROGRAMAREN EDIZIO BERRIAK BADITU IRABAZLEAK

 

  • BilbaoEszenak aurten aukeratu dituen hiru proiektu irabazleek -‘Leiho zikin, zeru urdin’, ‘Porno vs. Afrodita’ eta ‘Igogailua’- emakumeak dituzte buru. Horrela nabarmentzen da emakumeek zeregin garrantzitsua dutela arte eszenikoetan.
  • Proposamen bakoitzak 4.000 euro laguntza izango du, laguntza artistikoaz eta teknikoaz gain.
  • ‘Artistak egoitzan’ Bilboko Udalaren programa da, eta bere helburua hiriko arte eszenikoen alorrean ikerketa eta berrikuntza bultzatzea da. Horretarako, sorkuntza proiektua aurrera eraman ahal izateko beharrezkoak diren baliabide ekonomikoak, instalazioak, baliabide teknikoak eta laguntza artistikoa artisten edo ikerlarien esku jarriz.

Bilboko Udalak, BilbaoEszenaren Bilboko Baliabide Eszenikoen Zentroaren bitartez, ‘Artistak Egoitzan’ programaren hamabigarren edizioko hiru proiektu irabazleak aukeratu ditu. Ekimen horren bidez, hiriko arte eszenikoen arloko ikerketa eta berrikuntza bultzatu eta sustatu nahi dira. Aukeratutako proiektuak, denak ere emakumeek sortuak eta gidatuak dira, emakumeek arte eszenikoetan duten zeregin garrantzitsuaren adibide garbi batean:‘Leiho zikin, zeru urdin’, Oihana Vesgaren dantza garaikideko proiektua; Benetan Be-ren ‘Porno vs. Afrodita’ antzerki-musikako proposamena; ‘Igogailua’, Sorginen Lantegiaren arte eszenikoen diziplina anitzeko proiektua.

Proiektu bakoitzak 4.000 euroko diru-laguntza jasoko du, baita laguntza artistikoa eta teknikoa ere. Egoitzak gehienez 25 eguneko iraupena izango du eta epealdi horretan modu trinkoan egingo da, aurkeztutako eta hautatutako proiektu artistikoan oinarrituta. Egoitzak BilbaoEszenaren lokaletan eta hiriko beste gune eszeniko batzuetan egingo dira, ahal dela uztailean, abuztuan, irailean eta urrian. Gainera, hautatutako pertsonek aukera izango dute beren sormen-prozesuak aurkezteko sektoreko publiko orokorrari edo profesionalei, bai Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikidearen Jaialdiaren (BAD) hurrengo edizioaren esparruan, bai Udalaren beste edozein ekimen eszenikoren esparruan.

Hamabigarren deialdi honetara 35 proiektu aurkeztu dira, horietako 10 euskaraz, era askotako diziplinak dituztenak, hala nola dantza garaikidea, performancea, ikus-entzunezkoak, dramaturgia berriak edo diziplina anitzeko lan eszenikoak.

HAUTATUTAKO PROIEKTU IRABAZLEAK

‘LEIHO ZIKIN, ZERU URDIN’, OIHANA VESGA (DANTZA GARAIKIDEA)

Biarritzen eta Londresen egiten ditu dantza ikasketak Oihana Vesgak, eta Frantziako, Erresuma Batuko eta Madrilgo jaialdietan aurkeztu ditu bere lan koreografikoak. Harekin lankidetzan ari da Nerea Gurrutxaga, Erresuma Batuko zenbait eskolatan eratua eta bere sorkuntzak euskal testuinguru garaikide desberdinetan aurkeztu dituena.

‘Leiho zikin, zeru urdin’-ek espazio eta testuinguru zehatzek emakumearen gorputzean duten eragina aztertzen du. Mugimenduaren eta ahotsaren bidez, espazioaren eraldaketak eta generoari dagokionez duen portaera ikertzen dira.

Emakumearen espazioa ulertu eta aldarrikatzeko beharretik sortzen da pieza. BAD jaialdiaren hurrengo edizioan, piezarekin batera, Laida Zapre argazkilariaren 404.lauzerolau proiektua aurkeztuko da. Pieza gaztelaniaz zein euskaraz aurkeztuko da.

LEIHO ZIKIN, ZERU URDIN

‘PORNO VS. AFRODITA’, BENETAN BE (TEATRO-MUSIKA)

BENETAN Be ekimena ZUBI deialdiaren babesarekin sortu zen, Patricia Urrutiaren eskutik “Inondik Inora” familia ikuskizuna martxan jartzeko. Inguruan ditugun galdera, kezka eta premien aurrean hausnartzeko leku izateko sortu da. Oraingoan, ‘Porno vs Afrodita’ bere bigarren ikuskizuna aurkeztuko du, publiko gazte eta ez hain gazteari zuzendua, gure ezintasunak, nahigabeak, atsekabeak eta gainerako ergelkeria sexualak eta afektiboak elkarrekin partekatzeko eta barre egiteko asmoz. Zenbait gaitzen dimentsio kolektiboak pertsona hilkorren bizkarreko zama arinduko delakoan. Osos-osorik euskaraz egindako lana da. Taldea osatzen dute Patricia Urrutiak, Ion Zumelagak eta Juanjo Oterok.

PORNO VS AFRODITA

‘IGOGAILUA’, SORGINEN LANTEGIA (ARTE ESZENIKOAK)

Euskal Herriko lau emakume artistaren ekoizpen kolektiboa da: Itziar Fragua, Aiora Sedano, Estibaliz Villa eta Arantza López.

‘Igogailua’ tragikomedia bat da; hiru aktore beraiek sortutako alegiazko mundu batean sartuko dira. Baina, benetan, irudimena al da? Hainbat pertsonaia irudikatzen dituzte, beldurrei eta segurtasun ezei, izan beharko luketena ez izateari, eta, batez ere, askotan ulertzen ez duten mundu batean bizitzeari buruzko istorioa kontatzen lagunduko dietenak. Estreinaldia 2021. urtearen hasieran izango da, euskaraz eta gaztelaniaz.

FABRICA DE BRUJAS

ARTISTAK EGOITZAN

‘Artistak Egoitzan’ programaren helburu nagusia artistei eta artista taldeei laguntzea da, arlo eszenikoetan sorkuntza edo ikerketa prozesuak aurrera eramateko baliabideak eskainiz -ekonomikoak, teknikoak, prestakuntzakoak edo laguntzakoak, besteak beste- eta batik bat, eszena berriekin zerikusia duten, interes zehatz bat sortu eta izaera anitza duten arloetan, ardatz nagusia antzerkia eta dantza izanik, diziplina tradizionalagoekin, kaleko antzerkiarekin edo zirkuarekin, adibidez, erlazionatutako proiektuak baztertu barik.

BilbaoEszenaren bidez eta programa honen bitartez, Bilboko Udalak sorkuntza artistikoa sustatzeko ekimenak erraztu eta lagundu nahi ditu, bai eta eremu eszenikoa ardatz nagusi duten ikerketa- eta garapen-prozesuak sustatu ere, batez ere dramaturgia berriekin zerikusia dutenak. Halaber, hirugarren helburu bat jarri beharko litzateke, talentu sortzailea aurkitu eta hari eusteko, eta, hartara, ekoizpen-garapenerako prozesurako sarbidea errazteko.

Copyright © 2020 BAD BILBAO

B.A.D Bilbao Antzerkia Dantza - Festival de Teatro actual y Danza Contemporánea de Bilbao
San Frantzisko Udaltegia - Mariaren Bihotza Plaza z/g - 48003 BILBAO