Bilboko Udalak antolatu duen eta urriaren 20tik 29ra luzatuko den jaialdiak musika irekiera ekitaldia eskainiko du gaur Berreginen Museoan, 20:00etatik aurrera, Ricky Hollywood konposatzaile frantsesarekin –sarrera librea–. 

“La FuNdicIOn” aretoak, bertako panoraman garrantzia hartzen ari diren artisten estreinaldiak jasoko ditu, Nerea Martínezena –BilboEszenako egoitza artistiko baten irabazlea–, besteak beste, eta baita nazioartean ospea duten konpainia batzuen azken lanak ere, Vera Manterorena edo Malika Djardirena, adibidez.

Bilboko Udalak antolatzen duen Antzerki eta Dantza Garaikide Jaialdiak BIHAR, ostiralean, emango dio hasiera bere programazio eszenikoari, La FuNdicIOnen eta Campos Antzokiko Kupula aretoan eskainiko diren lehenengo bi ikuskizunekin. Aurretik, gaur arratsaldean, 20:00etatik aurrera, Berreginen Museoak hasierako festa jasoko du, bakarka egin duen lehen diskoa, “Le Modeste Album”, aurkeztuko duen Ricky Hollywood musikari frantsesarekin. Sarrera librea izango duen kontzertua, Gheada ikus-artisten proiekzio batekin osatuko da. 

Urriaren 29ra arte, BAD hiriko sei agertokitan ospatuko da, eta La FuNdicIOn aretoari dagokionez, bertako panoraman garrantzia hartzen ari diren artisten estreinaldiak jasoko ditu, Nuria Pérezena edo Nerea Martínezena –BilboEszenako egoitza artistiko baten irabazlea–, besteak beste, eta baita nazioartean ospea duten konpainia batzuen azken lanak ere, Vera Manterorena edo Malika Djardirena, adibidez. Izan ere, gure Hirian eszena garaikidearen aldeko apustua eginez 30 urte baino gehiago daramatzan La FuNdicIOn hasieratik izan da jaialdia jaso duen guneetako bat, Bilboko ikus-entzuleei joera eszeniko berrietara hurbiltzen lagunduz. 

Izan ere, gaur goizean, Nekane Alonso Bilboko Udaleko Kultura zinegotziak, Luque Tagua La FuNdicIOneko zuzendari artistikoak lagunduta, larunbat honetan, urriaren 21ean, arratsaldeko 19:30ean estreinatuko den Nuria Pérezen “Funtzak” dantza garaikide piezaren azken entseguak bisitatu ditu. 

La FuNdicIOnen ikusi ahal izango diren ikuskizunen artean, eszena garaikideko artista eta konpainia garrantzitsuenetako batzuk daude. Horrela, bihar, arratsaldeko 19:30ean, dramaturgia berriak izenez ezagutzen direnen barruan dagoen eta plazeraz eta kontra-plazeraz hitz egiten duen “A placer” lana eszenara eramango duen LaBuena Compañía konpainia katalanak zabalduko du programazioa. Plazera gogobetetzea sortzen duen motor gisa, eta kontra-plazera erresistentzia eta mendekotasun sortzaile gisa. 

Bihar, baita ere, gaueko 21:30etik aurrera, Campos Antzokiko Kupula aretoak Lökke/ Olatz de Andrésen “The Endgame” dantza ikuskizun berria jasoko du, euskarazko, gaztelaniazko eta ingelesezko testuak dituen eta agertokia, estetika estrategiaren gainean uzten duen xake taula erraldoi bilakatzen duen dantza pieza. 

Hurrengo egunean, larunbatean, La FuNdicIOnen, baita ere, Nerea Martínezekin batera bertako ukitua ematen duen Nuria Pérezen txanda izango da. Biak ere dantza garaikide berriaren panoraman gero eta garrantzia handiagoa hartzen ari diren artistak dira. Nuria Pérezek, “Funtzak” estreinatuko du arratsaldeko 19:30ean, emakume hiltzaile baten, giza esentzien harrapakari baten, istorio tragikoa. Núria Pérezen zuzendaritzapean, Izaskun Lapaza, Itziar Ituño, Elene Carreto eta Sirah Badiola izango dira dantza piezaren interpreteak.

Nerea Martínezi dagokionez, BilbaoEszenako egoitza artistiko bati esker eraman ahal izan du aurrera “Biraka” lana, eta bere ikuskizuna urriaren 26an (19:30ean) estreinatu ahal izango du BADen barruan. “Biraka”, Nerea Martínezek bere prestakuntzan izan dituen bi dantza teknikek, euskal dantza tradizionalak eta dantza garaikideak, denboran eta espazioan izan duten bilakaerari buruzko gogoeta da. Proiektuaren xedea, dantzaren artea, artearen munduko beste diziplina asko bezala, etengabeko bilakaera prozesuan dagoela erakustea eta horren inguruko ikerketa egitea da. Pieza, bi txalapartariren laguntzarekin itxiko da eta, horrez gain, Mónica Lavanderaren laguntza ere izango du jantzietan.  

Horrez gain, asteburu honetan beste ikuskizun bi estreinatuko dituzte Ana Capilla koreografo bilbotarrak (Bilborock, igandean, urriaren 22an, 21:00etan) eta Peru Saban Calabazak “Juego Non Stop Jolasa” lanarekin, ikus-entzule guztiei zuzendutako jolasa, hamabi orduz luzatuko dena, eguerditik aurrera, Bilborocken, igande honetan, baita ere.

Aurtengo edizioan ere, BADek nazioartean ospe handia duten artistak eta konpainiak ere jasoko ditu, Estatuan “Os Serrenhos do Caldeiräo, ejercicios en antropología ficcional” dantza-antzerki ikuskizuna estreinatuko duen Vera Mantero koreografo portugaldarra, besteak beste. Estreinaldiak izango dira, baita ere, Poliana Limaren –Circula 2017 Saria– “Hueco” ikuskizuna eta Malika Djardiren “Sa prière”. La FuNdicIOn aretorako programa, Cally Spoonerrekin eta Terrassako TNT jaialdiarekin batera BADek ekoiztu duen “Sumario 3/94” ikuskizuna Euskadin estreinatuko duen Vicente Arlandisekin osatuko da. 1994ko ekainaren 25ean, Vicente Arlandis Ruiz (artistaren aita) atxilotu egin zuten, Mª Lidia Bornay, 84 urteko auzokidea, hiltzea egotzita. Epai prozesu luzearen ondoren, 29 urteko zigorra jaso zuen. Proiektu honek, kasu horren inguruan sortu ziren istorio ugariei eta horiek kontatu ziren moduari buruzko galderak egitea du helburu. Kontakizun judizialaren hoztasunetik eta itxurazko objektibotasunetik abiatuz milaka puskatan leherrarazteko. Gaur arratsaldean, Vicente Arlandisek “Sumario 3/94: La historia judicial de Vicente Arlandis Ruiz” aurkeztuko du Anti-Liburudendan, arratsaldeko 19:30ean. 

 

BAD INFORMAZIOA:  www.badbilbao.eus

Copyright © 2018 BAD BILBAO

B.A.D Bilbao Antzerkia Dantza - Festival de Teatro actual y Danza Contemporánea de Bilbao
San Frantzisko Udaltegia - Mariaren Bihotza Plaza z/g - 48003 BILBAO