BADek eta arte eszenikoen arloko mugaz gaindiko Europako Pyrenart lankidetza programak babestutako ikuskizunak ere programatu ditu Jaialdiak

Pabellón 6 aretoko programak, Bilboko Udalak antolatutako Eskolako Antzerki Lehiaketako azken edizioan saritutako proposamen bi jasotzen ditu, Epalzaren Alarguna Eskolako eta Txurdinaga Behekoa Institutuko ikasleen eskutik.

 

Bilboko Udalak antolatzen duen eta urriaren 17tik 28ra hiriko sei agertokitan ospatuko den BADek – Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikide Jaialdiak, familia osoari zuzendutako programazioa eskainiko du edizio honetan. Hiriko ikasleen artean arte eszenikoen aurreko gustua eta zaletasuna bultzatzeko 1995etik Udaleko Kultura Sailak antolatzen duen Eskolako Antzerki Lehiaketaren azken edizioan saritutako bi antzezlan eskainiko dira.

Pabellón 6 aretoan ikusi ahal izango diren bi piezak hauek dira: “Errefuxiatuak” –euskaraz– Epalzaren Alarguna Eskolako ikasleek antzeztua, Getari Etxegarairen zuzendaritzapean, antzezlanaren alderdi teknikoen ebazpen onenaren saria jaso zuena eta Enriqueta Vegak zuzendu eta proposamen eszeniko onenaren saria jaso zuen “Esto no es.. El señor que confundió a su mujer con un sombrero”, Txurdinaga Behekoa institutuko ikasleen eskutik. Ikus-entzuleek saio bikoitz horrekin gozatu ahal izango dute igandean, urriaren 21ean, 13.00etatik aurrera, Pabellón 6 aretoan.

BADek hurrengo ediziorako prestatu duen programazio zabalaren barruan, arte eszenikoen arloko lankidetzarako programa europarrak, Pyrenartek, bultzatutako hiru proiektu ere azpimarratu behar dira. Izan ere, iazko urtearen amaieran Bilboko Udalak bat egin zuen, bazkide gisa, Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikide Jaialdiaren – BADen, bitartez, 2020. urtera arte profesionalak prestatzeko eta ikuskizunak sortzeko, erakusteko eta nazioartera zabaltzeko bi milioi eurotik gorako aurrekontua duen mugaz gaindiko ekimen horrekin.

Pyrenarten helburua ez da sektorearen potentzial ekonomikoa indartzera mugatzen, artisten mugikortasuna erraztea, haien gaikuntza profesionala hobetzea eta elkarrizketa artistikoari, nazioartekotzeari eta enpleguaren sorkuntzari lagunduko dieten sare profesionalak sortzea ere bilatzen du. Horrela, BADen hurrengo edizioak, bazkideen artean Pyrenart barruan ekoiztutako bi ikuskizun prestatu ditu.

Horietako bat Baro D´evel dantza eta zirku konpainia frantses ezagunaren “Là” ikuskizuna da. Hainbat gorputzen nahasketak ballet sentsiblea eta poetikoa sortzen duen pieza erakutsiko du Bilbon. Konpainiak urriaren 28an, 20:00etatik aurrera, aurkeztuko du lana ikus-entzuleen aurrean, Pabellón 6 aretoan. Leku horrek berak jasoko du, urriaren 25ean, 19:30etik aurrera, Pyrenarten laguntzarekin ekoiztutako beste lana, Organik Dantza – Teatro taldearen “Sareak” dantza pieza, arrantzarako sareak konpontzen zituzten emakumeen lanaren fisikotasunean zentratutako lana.

Egun horretan bertan, La FuNdicIOnek Macarena Recuerda ikus eta eszena arloetako artistaren dantza-performance lana jasoko du. “¡AY! ¡YA!” errealitatea modu desberdinetan jasotzera garamatzan ilusioa da, irudimenak iradokita edo ikusmenaren engainuaren ondorioz. Kasu honetan, Pyrenartek euskal ikuskizun gisa bultzatzen du lan hori, Pirinioetako lurraldean zabaltzeko.

BADen informazio bulegoak urriaren 10ean irekiko ditu ateak, Bilboko Errekalde Aretoan (Errekalde Zumardia, 30). Datei eta ordutegiei buruzko informazio guztia jaialdiaren webgunean dago erabilgarri: www.badbilbao.eus

 

Copyright © 2019 BAD BILBAO

B.A.D Bilbao Antzerkia Dantza - Festival de Teatro actual y Danza Contemporánea de Bilbao
San Frantzisko Udaltegia - Mariaren Bihotza Plaza z/g - 48003 BILBAO