
Harrobia Eskena
Lore eta Jon bikote dira aspalditik. Gaur Lore aztoratuta iritsi da etxera. Amarekin telefonoz hitz egin du eta ulertu dio Jonek gonbita luzatu diola beraiekin bizitzera joateko. Lorek kontuak eskatuko dizkio senarrari. Hau, ordea, itsu dabil koadrodun gorbata topatu nahian. Are gehiago, Lorek soineko pijama erantzi eta loredun soinekoa janztea nahi du. Joan egin behar dute, baina ezerk ez dirudi lekuan. Etxea aldrebestuta izateaz gain, badirudi bizitza dela aldrebestu zaiena. Emakumea normaltasunera itzultzeko borrokan ari da, baina lur azpian hondoratzen ari dela sentitzen du, eta eusteko moduan daukan esku bakarra amarena omen. Lorek, orduan, nahiagoko du lur azpian bizi larru lodiko sator bihurtuta.
Hika Teatroak 36 urte beteko ditu. Agurtzane Intxaurragaren zuzendaritzapean, poesia bisuala eta errebeldia eszenikoa neurri berean maite dituen emakumea. HIKAren produkzioek izaera sozial nabaria dute, eta ikusleak beren buruekin gatazkan jartzen saiatzen da.
36 urte ez dira ahuntzaren gauerdiko eztula izan. HIKA antzerki garaikidea da, erronka artistikoen etengabeko bilaketa eta berritzea, ekoizpen berri bakoitza etiketa uxatzeko aldarri. Antzerkiaz gain, zirkua, musika eta dantzak toki nabarmena hartu dute bere sormen lanetan, diziplina guztiei atea irekitzea eta emaitza integral bat eskaintzea beti berritzen egotea dela sinetsita.