Aurkezpena: GUZTIOK ESPERO GENUEN EDIZIOA

Iritsi da. Bilboko Udalak antolatzen duen BAD Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikidearen XXII. Jaialdia hemen da.

Hiriko jaialdirik zaharrenak edizio berri bat egingo du urte arras berezi batean. Urte bitxi honetan, gogoeta egin dugu, aurreikusita geneuzkan proiektuak birplanteatu eta birpentsatu behar izan ditugu, eta aurrera eramateko beste modu batzuk bilatu. Berehala helduko da jaialdia, eta normaltasun berrian martxan jartzera gonbidatzen gaitu, kulturari lehentasuna ematen dion programa batekin, kalitate goreneko sorkuntzak bultzatzeko eta haiengan konfiantza izateko apustu sendoa egiten duena. Programa honek, betiko moduan eta inoiz baino gehiago, eskua luzatzen die bertoko artista eta konpainiei, bizitzen ari diren une zail honetan.

Bilboko BAD Antzerkiko eta Dantza Garaikideko Jaialdiak hazten jarraitzen du, eta antzerkian eta dantza garaikidean interesa duten pertsona guztien elkargune izango da, urte osoa urriaren zain eman ondoren. BAD jaialdiak, edizio bakoitzarekin, arte eszenikoen muntaia berri eta berritzaileenak ekartzen ditu Bilbora, beti abangoardiari begira, eta arte eszenikoen eta beste diziplina batzuen arteko lotura aintzat hartuta.

Hala, urriaren 15ean hasi eta 25era arte egongo da Bilbon. Edizio honetan 24 emanaldi daude, haien artean tokiko erabateko bost estreinaldi: Input Danza, Benetan Be, Mama Crea/La cocina, Macarena Recuerda Sheperd eta Oihana Vesgarenak;eta Euskadiko sei estreinaldi: Oligor y Microscopia, Bárbara Sánchez, Ripley, Emilio Rivas/La Ofrenda, Julián Pacomio y Ángela Millano, eta cabosanroque konpainiarenak.

Hilaren 15etik aurrera, egitarauan murgilduko gara, gogoa eta begiak zabal-zabalik ditugula, hainbat espaziotan: Campos antzokia, La Fundición, Bilborock aretoa, Harrobia eta Artelan Berreginen Museoa. Gogo handia daukagu areto horiek bisitatzeko, eta beraiek gu hartzeko irrikan daude. Zuhur, erantzukizunez eta konfiantzaz jokatuz, kultura segurua eta beharrezkoa delako. Orain, inoiz baino gehiago.

Dantza, antzerkia eta beste diziplina batzuk, hala nola performancea edo antzerki hedatua, gure zain daude, ustekabeak emateko, emozionatzeko eta liluratzeko, irrikaz itxaroten genuen jaialdi honetan, oso beharrezkoa dena. Ongi etorririk beroena ematen diogu.

 

Gonzalo Olabarria
Bilboko Udaleko Kultura Saileko zinegotzia

Copyright © 2023 BAD BILBAO

B.A.D Bilbao Antzerkia Dantza - Festival de Teatro actual y Danza Contemporánea de Bilbao