- Bilboko Udaleko Antzerki eta Dantza Garaikidearen Jaialdiak agur esango dio hiribilduari urriaren 22an, igandean.
- BADek antzerkia, performanceak, dantza, dramaturgia berriak eta hitzaldi performatibo bat ekarriko ditu Urira.
(Bilbo, 2023ko urriaren 20an).- BAD – Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikidearen Jaialdiaren, Bilboko Udalak antolatuta, XXV. edizioaren azken txanpan sartzen da, eta, horretarako, bost hitzordu proposatzen ditu: antzerkikoak, dantzakoak, dramaturgia berrikoak eta hitzaldi performatibo bateko proposamen batekin.
Hauek Harrobian, Campos Antzokiko Cúpula Aretoan, La Fundicionen eta Bilborocken ikusi ahal izango dira.
Horrela, BADek, Bilboko udazkeneko data garrantzitsuenetako bat izanik, bost ikuskizun ekarriko ditu Urira asteburu honetan, LAU ESTREINALDIAK IZANGO DIRA, horietako bat Estatukoa eta hiru Euskadiko premerriak.
GAUR, OSTIRALA, URRIAREN 20a
- 19:00etan La Fundición-en
“Info Maniac”, Teatro Praga (ESTRENALDIA ESTATUAN).
Aktore batek, agertokian, bere buruaz hitz egiten du. Dena erakusten du, baita bere burua ere. Horretarako, bere bizipenen errepertorioa du lagun: poemak, koreografiak, errezetak, ipuinak eta edabe magikoak, bai eta Teatro Praga-ren obraren atzera begirako glosario antzeko bat ere.
Teatro Praga [Teatro de la Peste] talde edo federazio gisa definitzen da. 1995ean sortu zen eta Lisboan du egoitza. Portugalgo kultura-erakunde ospetsuenetako batzuekin lankidetzan aritzen da aldizka eta Europako hainbat herrialdetako jaialdi eta antzokietan parte hartzera gonbidatu dute, baita Brasilen, Israelen eta Txinan ere.
- 21:00etan Campos Antzokiko Cúpula Aretoan
“Arachno”, NODE.
Bidaia sideral bat, urrutiko planeta batean hasiko dena: X erlijioa handik igaro eta gero, noranzko bakarrean joango dira, itzulerarik gabeko helmugarantz. Bide hori gure gelaren intimitatetik igaro, denboraren makina abiarazi, eta OHOko 8. mailako jaian amaituko da, potolo marikoi bat agertokira igo zen lehenengo aldian.
NODE Donostiako dantza eta performance konpainia da. 2016an sortu zen, eta, gaur egun, Ana Barrantesek eta Ion Estalak osatzen dute (ekoizlea eta banatzailea, lehenengoa; sortzailea eta zuzendaria, bigarrena). Zenbait artistaren topagune neuralgikoa da. Honako hauetan eskaini dituzte emanaldiak, besteak beste: Teatros del Canal, Gazteszena, Hueskako Feria, Dantza Hirian, dFeria, BAD Bilbao, Le Temps d’aimer la Danse, Eta Sortutakoak, Aterpean eta Bilbao Eszenaren egonaldiak hartu dituzte. Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta abarren laguntza jaso dute.
LARUNBATA, URRIAK 21
- 19:00etan Harrobia-n
“Las cosas se mueven, pero no dicen nada”, Poliana Lima (ESTRENALDIA EUSKADIN)
“Las cosas se mueven pero no dicen nada” (“Gauzak mugitzen dira, baina ez dute ezer esaten”) dantza-pieza bat da, iraunkortasuna eta ekitea ardatz dituena. Emakumeek bakarrik interpretatzen dute, eta dantzarien gorputzaren sonoritatean oinarrituz eraikitzen da. Naturaren eraldatze- eta errepikatze-prozesuak irudikatzen ditu lanak, eszenaratzean figuraziorik agertu gabe.
Poliana Lima (Brasil, 1983) koreografoa, dantzaria eta irakaslea da. Madrilen bizi da, eta hiri hartako Conde Duque zentroko artista elkartua da. 2011n egin zuen bere lehen sorkuntza eta, 2014an, “Atávico” lanarekin, Madrileko XXVIII. Lehiaketa Koreografikoaren lehen saria jaso zuen, bai eta Ikusleen saria eta Kritikaren saria ere. 2017an, Hueco bakarkako pieza estreinatu zuen Madrileko Teatros del Canalen eta Bilboko BAD Jaialdian eta, handik aurrera, estatuko eta nazioarteko birari ekin zion. “Hueco” lana MAX sarien 21. edizioko (2018) hautagai ofiziala izan zen, ikuskizun onenaren, ikuskizun berri onenaren, eta egile berri onenaren kategorietan. “Las cosas se mueven pero no dicen nada” (“Gauzak mugitzen dira, baina ez dute ezer esaten”) 2020ko irailean estreinatu zen, Teatros del Canalen, eta 2021ean Portugalen eta Frantzian. Poliana Lima Espainiaren artista izan zen Aerowaves 20/21ean. Eta, 2022an, “Oro Negro” (“Urre Beltza”) estreinatu zuen, Udazkeneko Jaialdian. 2024an, memoriari eta identitateari buruzko bere trilogiaren bigarren alea estreinatuko du, Madrilgo Conde Duquen: “The Common Ground” (“Interes komunak”).
IGANDEA, URRIAK 22
- 18:00etan La Fundición-en
“ETUDE4 – Fandango y otras cadencias”, Aina Alegre (ESTRENALDIA EUSKADIN).
Hainbat urtez kolpearen keinuari buruzko ikerketa bat egin ondoren, Aina Alegrek Yannick Hugron lagun eta artista koreografoari eskatu zion euskal herri-dantzen interprete ohi gisa izandako esperientziaz hitz egiteko. Iraganean eta bere oroimen fisikoan sakontzeko eta istorio bat irudikatzeko eskatu zion. Bere ikerketa zabaltzeko asmoz, Alegrek beste pertsona batzuekin ere hitz egin zuen euskal herri-musika eta –dantzei buruz eta, horrela, kontakizunen zatiak bildu zituen. Oroitzapenen bilduma honekin, Yannic Hugron agertokira igotzera gonbidatu zuen, elkarrizketa hauetan jasotako istorioak, keinuak eta mugimenduak mapatu eta berrinterpretatzeko. Pieza honetan gorputzaren oroitzapenak esnatzen dira eta beren fikzio koreografikoa osatzen dute.
Aina Alegre Grenoblen finkatutako dantzari, performer eta koreografo katalana da. Sorkuntza koreografikoa interesatzen zaio, gorputza “berrirudikatzeko”. Hainbat gorputz-kultura eta -praktika aztertzen ditu, irudikapen sozial, historiko eta antropologiko gisa. Haren lanak hainbat herrialdetara eraman dituzte, besteak beste Italia, Espainia, Frantzia, Belgika, Alemania, Suitza, Peru eta Errumania. 2023ko hasieratik, Grenobleko Koreografia Zentro Nazionaleko zuzendaria da Yannick Hugron-ekin batera..
- 20:00etan Bilborock-en
“Concierto geológico”, AzkonaToloza (ESTRENALDIA EUSKADIN).
Gai izango ote gara mendi baten jaiotza ikusteko? Nola mugitzen den antzemateko? Gai izango ote gara denbora geologikoa, guretik hain desberdina dena, ulertzeko? Prestatuta al gaude magma odol bihurtzen ikusteko? Gure parte bailiran zeharkatzen gaituzten soinu-uhinak igartzeko? Gure gorputza arroka bihurtzen ikusteko? Arroka gogorra; etengabe dardaratzen dena, karraskatzen duena, pitzatzen dena. Dardararen erdi-erdian, etengabe dantzan egiten duen arroka gogor bat.
Azkona&Toloza artista-bikoteak Mediterraneo itsasoaren, Pirinioen eta Atacamako basamortuaren erdibidean, arte bizien proiektuak egiten ditu. Poesiak, antropologia bisualak, lo-fi bideosorkuntzak, performanceak eta mugimenduak eskainitako aukerak interesatzen zaizkie, eta historia berrirakurtzen duten lanak eta eszenaratzeko pentsatuta dauden dokumentalak sortzen dituzte, batez ere..
- Sarrerak salgai Jaialdiaren webgunean.
- Jaialdiari buruzko informazio guztia www.badbilbao.eus webgunean dago eskuragarri, eta Jaialdiko materialak esteka honetan kontsulta daitezke.
SARE SOZIALAK:
#BAD2023